XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1997ko lehen seihilabetekoan zehar, epeak laburragoak dira: kasuen %87a Epaileak lehen jakinarazpena eman duen hilabete berean betetzen da, eta %96a bi hilabete igaro baino lehen.

- Bilbo eta Donostiako Epaitegiek erabakitako zaintzapeko askatasuneko neurri guztiak, bat izan ezik, Epaitegiak lehen jakinarazpena eman, eta handik 17 eguneko epean hasi ziren betearazten.

- Barrualdi neurriak Epaitegiaren lehen jakinarazpenetik, edo, hala behar izanez gero, aurreko neurria amaitzen denetik, gehienez hilabete batera hasten dira betearazten.

Izan ere, kontuan hartu behar da, auzipetua aurretik ezarritako neurriren bat betetzen ari den bitartean, beste neurri bat eman daitekeela, eta, kasu horretan, bigarren neurria aplikatzeko, lehenbizikoa amaitu arte itxaron behar dela. Gerta daiteke ere, adin txikiko pertsona berarentzat, espediente bat edo gehiagoren eremuan, era berean betearazi ezin diren neurriak ematea Adin Txikikoen Epaileak.

Halakoetan, Adin Txikikoen Epaileak batzuen betetzea agindu behar du, eta gainontzekoak geroko utzi. Batzuetan, atzeratze hori bitartekorik ezagatik gertatzen da. Horrela, bada, esate baterako, eremu judizialetik adierazita, 1996an, zenbaitetan, barrualdi erdirekiko neurrien betearazpena atzeratu egin behar izan da, zentroen sarean leku librerik ez zegoelako.

Epe horiei prozeduraren beste aldietarako erabiliak (txostenaren lehen atalean islatutakoak) gehitzen badizkiegu, ondoriozko epeak luzeegi bihurtzen dira; neurriaren eraginkortasuna haren berehalakotasunari atxikirik dagoela dioen eremuan bereziki.

Beharrezkoa da, beraz, prozeduraren hasieratik jarduerak bizkortzea, neurriek omen duten xede hezitzaile nagusi hori bermatu ahal izateko.

4. NEURRIEN BERRIKUSPENA

4/1992 Legeak ezartzen du Adin Txikikoen Epaileek murriztu edo indargabetu ditzaketela eman dituzten neurriak (2-5 artikulua, LTTMren 23. artikulua aldatzen duena). Estatuko Fiskaltza Nagusiaren 1/1993 Instrukzioak egiten duen Lege-xedapenen interpretazioaren arabera, behar baino lehenagoko iraungitze horrek ez du arazorik sortzen: era jarraian eta etenik gabe bete behar diren neurriak, baldin eta epaileak hala erabakitzen badu, aurreikusitako eguna baino lehen amaitu daitezke, betetze eraginkorra izan dadin.

Neurria murrizteko aukerak beste arazo batzuk ere sortu ditu interpretatzerakoan.